2012-11-02

Juan Carlos Etxegoienen hitzak

"Orhi mendia (2017 m) Zuberoa eta Nafarroa artean dago; bere magalean, Orhipean, mendez-mende, milaka urtetan, bizitzeko era bat sortu eta garatu zen emeki.
Denbora honetan hemen barna iragan diren herri -kultur- desberdinak ikusi ditugu. Haiekin izandako harremanetan -gatazkan ala pakean- gure kultura aberastu egin dugu, egoera desberdinei egokituz nortasuna galdu gabe.
Gaur egun, moldatu ordez, gure kulturaren suntsipena ari gara ikusten; neurri handian preziatzen ez dugulako, ez dugu ezagutzen eta.
Urte eskas zenbait gelditzen da gure ohizko kulturaren azken aztarnak altxatzeko eta orain arte bildurik dagoenak izan behar duen zabalkunderik ez duelakoan nago. Jakintza hori erakundeen aldizkari eta argitalpen sakonetan sakabanaturik dago, erdaraz gehienetan.
Ikerketan ez ezik, dibulgazio mailan ere lan gaitza dago egiteko. Esku artean duzun liburu hau hor kokatzen da, irakurle; ez da tesis sakon bat, ez eta erabiltzen ez den liburu sorta handi horietakoa, baina bai Herria -bere osotasunean- ezagutzen hasteko aise egiten den bidexka, xendra. Bere helburua hala izatea da bederen. Orrialde hauek ikuskatzerakoan Herriaz, -zutaz, alegia- zertxobait ikasiko bazenu, xede hori betea litzateke".

Juan Carlos Etxegoien, Xamar
Orhipean
Garralda 1991

No hay comentarios:

Publicar un comentario