2014-10-16

Perkain


"Gure historian badira pertsonaia asko errealitatearen eta mitoaren artean murgildurik iristen zaizkigunak. Horietako bat Jean Martin Inda , Perkain deitua, daukagu. Pilotari bikain eta entzutetsua izatera iritsi zen Perkain Nafarroa Behereko Alduden herrian, Zamukegi auzoan, sortu zen 1760-1770 urteen artean. Sortze datari buruzko agiririk topatu ez badugu ere, Perkainek jokatu zituen partidetan oinarriturik, badirudi XVIII. mendeko aipatu seigarren hamarkadan jaio zela. Perkain ezizena bere sortetxetik zetorkiola dirudi, Perkainea edo Perkainenea izeneko etxetik, hain zuzen, euskaldunon artean horren ohikoa den bezala.

Frantziako Iraultzaren ankerkerietatik alde egin nahian, Nafarroa Garaira igaro zen, Baztan aldera, eta 90.eko hamarkadan famatua egin zen pilotari gisa jokatu zituen partida gogoangarriengatik. Perkain laxoan aritzen zen, gaur ia galduta dagoen modalitatean. Egun Baztanen jokatzen da, gehienbat. XVIII. mendean laxoa zen Euskal Herrian gehien jokatzen zen pilota jokoa. Lau lagunez osaturiko bi talde aritzen ziren aurrez aurre, gaurko tenisean bezala, baina bi taldeen artean ez zen inolako sarerik jartzen. Pilotariek eskularru berezi bat erabiltzen zuten, laxoa deitzen zutena. XIX. mendean laxoa gibelatzen joan zen, eta gaur ohikoak ditugun joko modalitateak sortu eta zabaldu ziren.

1.- Oiartzungo partida.-

1796ko urriaren 18an sekulako partida jokatu zuen Oiartzunen. Ikus dezagun horren inguruan dokumentaturik daukaguna. Ematen duenez, ordurako Perkain pilotari biziki ospetsua zen Euskal Herri osoan. Oiartzungo partida hori aspaldian zeukaten hitzartua urriaren 18ko goizeko 8etan jokatzeko. Jendea partida ikusteko eta apustu ikaragarri handiak egiteko irrikan zegoen, hori dela eta, Migel Barkaiztegi Gipuzkoako ahaldun nagusiak galarazi zuen.

Eguna iritsi zen eta hitzartutako orduan Perkain Oiartzungo frontoian azaldu zen. Berarekin batera Ximun Nafarra zihoan. Oiartzungo ordezko alkateak debekua oroitarazi zion, baina frontoia gainezkatzen zuen publiko handiaren presiopean, beste partida bat jokatzeko baimena eman zion, baita 30 dukateko apustuak egiteko aukera ere, horixe baitzen foruek holakoetarako baimentzen zuten gehienezko diru kopurua. Perkainek ez zuen proposamena onartu, baina ondoren, akordio batera iritsi ziren. Hitzartutako partida bertan behera utzi behar izan zuten, baina horren ordez, beste partida bat jokatzeko aukera atzeman zuten, eta bitxia bada ere, lehen partida hartan jokatu behar zuten pilotari berberekin. Eta horrela jokatu zuten. Alde batetik, Perkain, Ximun Nafarra, Goizuetako bat eta laugarrena andoaindar bat. Bestetik, Arantzako Estudiantea, Txintxoa, saratar bat eta Toloxa donostiarra. Agirietan azaltzen denez, partida hura izan zela eta, Oiartzungo ordezko alkateak emandako baimena justifikatu behar izan zuen agintarien aurrean.

Ikusten ahal dugun bezala, Perkainek bazuen ordurako pilotari ospe handia. Lapurdin eta Baxenafarroan izugarri maitatua zen eta heroi handitzat zeukaten. Zehazki ez dakigu nolako itxura zuen. Batzuen ustez luzea eta argala zen beste askoren aburuz, berriz, ttikia eta sendoa. Batzuek baserritarra zela zioten, zurgina zela besteek. Beraz, ez dugu Perkainen itxuraz eta bizibideaz datu zehatzik. Hori bai, Azantza lapurtarrarekin eta Gurutxet “Ezkerra” mitikoekin jokatu zituen partidak aski ongi ezagutzen ditugu.

2.- Perkain eta Azantza Donapaleuko errebantxan.-

Badirudi Perkainek izan zuen aurkari handiena Azantza lapurtarra izan zela. Jakin badakigu gutxienez bi partida handi jokatu zituela Azantzaren kontra. Horietako batean lapurtarrak eta nafarrak aritu ziren aurrez aurre norgehiagoka bizian. Bederatzi urte lehenago Donapaleun jokatu zen partida batean lapurtarrek nafarrak garaitu zituzten eta geroko bigarren partida batean Perkain buru zuen laukote nafarrak sekulako errebantxa hartu omen zuen. Bada bertso bilduma bat, Perkainen Kantua edo Perkain eta Azantza deitua, horren berri ematen diguna: Piarres Harizpe apez lapurtarrak egin zuen.

Horra hor: Norat joaiten zira zu adiskidea! / Donapaleura dut ene segida. / Urreño bat deramat, bertze baten bila, / baldin lapurtarrak jalgitzen badira. // Lapurtarrak jin ziren trebesak doblezka, / banitatearen orde bazuten nobleza; / Galdu duen gaixoak kontsidera beza / ez dela egun oroz lapurtarren besta. /// Azantzako semea nik ez dut mendratzen / bere parerik ez du pilota botatzen. / Bainan Perkain hori ez zuen lotsatzen, / plaza guziarentzat bera aski baitzen. /// Zazpi joko zituzten, guk bederatzi, / halere lapurtarren plaza ez zen aski, / has berrian bezala trebezian beti, / urguluz nahi zuten partida irabazi. /// Amikuzeko duzu Donapaleu / hango ezpada ere hurbil darraio. / aldudiarrak eta ainitz gehiago / handik ari zeraizkon dihuru karraio. /// Orai betetzen ditu bederatzi urte / Baigorrin trufa hunik egin zinaukuten, / gure amen sariak juan zinituzten / errebanjak baitiago hor, konpon zitezte. /// Lapurtar jaunak, orai zuek zer zaizue / Monedako Etxea hurbilxko duzue / eskasten bazaitzue horra joan zaizkete / ukaiten baduzue harturen duzue. /// Ehun urte galdu tuzte, gastuak bertzalde / Hek ere nere ustez zerbait badirade / gizon bat aberatsa izanikan ere, / holako zimikoak senditzen dirade. /// Mainuak ur epelez, saldan oilaki / gorputzari plazerak nola egin badazki. / Antzar-ixterrak ere jan beharko ditik, / dirurik ekar zekotz Donapaleutik. /// Azantzako semea, gure Jaun Pierre, / mainuak hartu tzu bainan debalde / Akizko uretarat joan behar zirade / handik jiten zirenian beti prest girade. /// Azantzako semea, gure Jaun Pierre, / ez duzu berehala sinesten zuk ere, / baldin balinbaduzu aitzina kuraie / leheneko pilotan beti prest girade.

3.- Perkain eta Azantza Luhusoko pilota-plazan.-

Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu. Aipatu kontakizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oihukatzen zuen behin eta berriro: 300 libera Perkainen alde!
Inork ez zion apustua onartzen, hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde! behin eta berriz oihukatzen.

Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen.

4.- Tolosako partida.-

Zehazki zein urtetan izan zen ez badakigu ere, jakina da Perkainek partida handi bat jokatu zuela Gipuzkoako Tolosan. Badira sei bertso horren berri ematen digutenak. Lehena “Bat zen Perkain zaharra” esaten hasten da.
Bertso honetan kontatzen denez, Perkainekin batera honen semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela dio: "Bat zen Perkain zaharra / bertzea Haroztegi / Jaun hek bide zakiten / kozinaren berri; / Elgar frogatzeko untza bat edo, / ongi pentsatua duk / disimula hori!” Laugarren bertsoan, berriz, honela dio: Adios Probintzia, adios Lapurdi,/ Perkainekin pilotan ez daite liberti;/ Hirur erreinu huntan bera da nagusi / Azken partidaraino ez dute sinetsi!

5.- Aldudeko desafioa.-

Hauxe omen da Perkaini buruz kontatzen den istoriorik famatuena. Aldudetik alde egin ondoren Baztanen finkatu zuen bizitokia, eta han zegoela jakin zuen bere aurkari handia zen Kurutxetek Alduden jokatu behar zuen partida baterako desafioa egin ziola. Perkainek ezin zuen Iparraldeko lurraldeetara itzuli frantses iraultzaileak gibeletik baitzebilzkion. Hori dela eta, Perkainek baimen berezi bat eskatu zuen partida Alduden jokatu ahal izateko eta amaitzean Nafarroa Garaira itzuli ahal izateko. Aldudeko agintariek baimena eman omen zioten eta Perkain bere herrira bertaratu zen partida jokatzeko asmoz.

Hortik aurrera badira zenbait bertsio edo aldaera gertatu zena kontatzeko. Batzuek diote agintariek emandako baimena errespetatu zutela eta Perkain, Kurutxet garaitu ondoren, Baztanera itzuli ahal izan zela. Dena den, gehien zabaldu den bertsioaren arabera, horrela ez zela izan kontatu eta zabaldu egin da gehienen ahotik. Bertsio horren aldekoek kontatzen digutenez, Baionan ziren frantses agintari iraultzaileak ez omen zeuden prest Aldudeko agintariek eman baimena errespetatzeko, eta soldadu talde bat bidali omen zuten Perkain atxilotzeko. Aldudera iritsi zirelarik, Perkain 6.000 lagunez inguraturik topatu omen zuten. Denak Perkainen garaipena ospatzen ari omen ziren, eta soldaduak ikusirik, partida ikustera hurbildutakoak makilez armatu ziren eta Perkain mugaraino zuten eraman.

Zenbait tokitan kontatzen denez, soldadu taldea partida jokatzen ari zirela iritsi omen zen Aldudera. Soldadu-buruak partida bukatu arte ez zutela Perkain atxilotuko agindu omen zuen. Perkainek partida jokatu zuen eta Kurutxet garaitzeko azken tantoa eskas zuenean, pilotakada latza igorri zuen soldadu-buruarengana eta bertan hil egin omen zuen. Herritarrek gero lagundu omen zuten mugaraino.

6.- Perkain eta Harizpe marixala.-

Kontatzen denez, Perkain, zaharra zela, partida bat ikusten ari omen zen Baigorrin Harizpe marixalaren ondoan. Partida hartan Perkainen garaian baino handiagoak ziren eskularruz jokatzen ari ziren. Harizpek, hori ikusirik, honela galde egin omen zion Perkaini: Hire garaian horrelako eskularru handiak ukan izan bahitu, noraino bidaliko hukeen hik pilota? …eta Perkainek erantzun: Erratzuraino aisa bidaliko nikek! Gogora ekar dezagun Baigorri eta Erratzuren artean kilometro aunitz daudela eta bi herrien artean 1000 metro inguruko mendiak badirela.

7.- Perkaini buruzko bertso eta idatziak.-

Ikusten dugun bezala, Perkain pertsonaia historikoa izateaz gain, gure mitoetan ere bete-betean sartu zen, euskal heroien aldareetaraino iritsiz. Horrela izanik, ugariak dira Perkaini buruz egindako bertso eta idatziak. Ikus ditzagun:

a.- “Bat zen Perkain zaharra” 6 bertso Tolosako partida kontatuz.
b.- “Perkainen kantua” edo “Perkain eta Azantza” izeneko bertso bilduma, Piarres Harizpe (1854-1925) apez lapurtarrak egindakoa.
c.- “Perkain; drame sous la Terreur et dans le Pays Basque” (1903) izeneko kontakizuna, Piarres Harizpe apezak frantsesez egina. Aldudeko desafioa kontatzen du.
d.- “Perkain le basque” (1931) Pierre-Barthélemy Gheusik idatzitako opera. Jean Poueigh-ek musikatu zuen. Bordelen estreinatu zuten 1931n, eta Piarres Harizpe apezaren draman oinarritua dago.
e.- Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak egin zuen “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma. Honela dio:

Bozkariozko besta huntan / Ohore Ama Eskual Herriari! / Gure izar gidari ona / Egun zirade, Baigorri! / Zure plaza handi maitagarrik / ederrez ez du parerik / Agur, agur, izar pilotarik! / Agur gogotik deneri! /// Egun Baigorrirat jin dira / Eskual Herriko haurrik baliosenak! / Gure hiru probintzietako / pilotari famatienak: / Badira gaztiak eta heiekin / adinak baztertu dituenak, / denek batian egin beharrez / familiarik goxoena. / Ahal oroz lagunt zazu, Ama. / Hoiek egun hasi lana! /// Nun zituztegu, Perkain, Otharre, / Larralde, Xilhar, Leonis, Xikito? / Ta zuekin zonbat bertzerik / itzali direnak bethiko! / Ez da denbora labur bat baizik / Gure plazetan jokatzeko. / Hoiek utzi etsenplu ona / ez dugu, ez, ahantziko / izanez denak gogo bereko, /ez da pilota galduko. /// Batasun berri bat, gazteak, / zuentzat egina hemen bada egun / Hortara bil zaitezte denak: / Hemen giratezke lagun! / Elgarrekilan joko zaharra / gorenetik altxa dezagun, / ta kaskoin gutaz jelos direnak / atxiki ditzagun urrun... / Atzo, bihar, hala nola egun, /
bego pilota eskualdun!

Perkainek historiaren mugak zeharkatu zituen pertsonaia dugu, mitora iritsi zen pilotari handia. Pastoral baterako süjeta hoberik ez genuke aisa atzemango".


"www.kazeta.eus"                 
Joseba Aurkenerena                 
2014-2-24                 


Oharra:
Iruñean "Perkain" jopilota, frontona izan genuen,
XX. mendean desagerrarazi zuten arte.
Halaber, aspaldidanik eta egun,
pilota munduaz arduratzen den "Perkain" denda
Labrit jopilota, frontona ezagunaren ondoan dugu.



1 comentario:

  1. Perkain pilotalekua badugu, izan ere, Iruñean. Saltoki handi baten parean, zine bilakatu zen eraiki eta laster, eta zine areto gisa egon zen luzaro. Saltoki handi horren aurrean dago frontisa. Txokoa zulatu zuten, eta hainbat urtez lurrindegia egon zen han, lehen koadroan kokatuta. Oraindik ezker paretako zenbaki apainak ikus litezke...

    ResponderEliminar