2014-12-21

Altzateko jauna


"Aspaldian, mendizaleagoa nintzen garaian, Gipuzkoako Ugarte herrixkako borda batean egin nuen lo. Borda hartan ginen neskez eta mutilez osaturiko lagun-talde bat. Gaua iristean norbera bere lozakuan sartu eta hor hasi ziren horietako batzuk kontu kontari, txisteak, ipuinak, gertakizunak… Ipuinetako batzuk penagarriak ziren, beldurgarriak besteak,… eta horrela ipuin eta kontakizunen artean gau iluna pasatzen ari ginen. Koadrila hartan bazen Maitere izeneko neska donostiarra, eta kontatzeko txanda iritsi zitzaionean, Altzateko Jaunaren legenda xarmangarria azaldu zigun.

Hura entzuten ari nintzela, nire belarriek gure arbaso zaharren garai urrunetara eraman ninduten, eta  antzinako Euskal Herri hartan, jentil, basajaun, lamina eta sorginen mundu magikoarekin egin nuen topo. Dardarizo batek nire gorputz osoa astindu zuen. Han zeuden, kontakizun hartan, gure herriaren sustrai zaharrak. Kontakizunaren amaieran Xabier Letek Altzateko Jaunari eskainitako bertso ederrak kantatu zizkigun:

Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera itzultzeko zai. /
Gure izatearen  / testigu zuzena, / makurtu gabeko / zuhaitz lerdena, / desertuko haizeak / legortu ez zuen lorea, / itsasoaren kolorea / hor zaude zu!


Hamasei salbe, / hamalau kredo, / erderaz entzunagatik, / bazenekizun / hori ez zela / sekulan guretzat egin. / Urrezko dukate /
eta dirua / ez dira engainu txarrak, /  alde batera / apartatzeko /
lehengo sinismen zaharrak.

Merkatarien aldamenera, / amildegian, / goitik behera, / ohar gabean / eroriko gera, / baina guztiok / jakin dezagun / bidea nondik / dijoan. / Altzateko Jaun, / hor zaude zu!

Bide batetik, / okertu gabe, / esan dezagun bertsoa, / ixil-ixilik /
kanta ditzagun / euskaldunen sekretuak. / Herri zahar baten / oharpen haiek / nola ditugun galduak, / zenbat itxura / alda lezazke /eguna hil zuen / gauak.

Bidasoaren / ezker-eskuin, / udaberrian / lore gorriak, / ixilitako /
ur izkutuak. / Mendetan zehar / kantu lagunak / noizbait latinez
lurperatuak, /  laster berpiztu / behar duguna!

Larrun gainean / sorginen dantzak, / nabaitzen ditut / arratsaldean; /
lurrak badaki /  kontu hoien berri. / Eta hor dago / ixil ixilik. / Altzateko Jaun / hor zaude nonbait, / zure lurrera / itzultzeko zai.


Egun hartatik aurrera, maiz pentsatu dut Altzateko Jaunaren legendaz, eta maizago oraindik, bere sortzailea den Pio Barojaz. Bere liburua bilatu nuen eta berehalaxe irakurtzeari ekin nion. Orduz geroztik bospasei aldiz irakurri dut. Liburu honen bidez, gure iragan sekretua hobeto ezagutu nuen, Pio Barojak itsasoko uraren gardentasunaz azaltzen baititu gure aberriaren psikologia eta filosofia bereziak. Badakit bere idazlan guztiak erdaraz idatzi zituela, baina nire ustez, idazlan horietan islatzen den espiritua guztiz euskalduna da. Batzuek Baroja Unamunorekin alderatu dute, biek erdaraz idatzi zutelako, baina nire irudikoz bada aldea bi idazle handiren artean. Barojak ez zuen bere arima saldu, ez zuen gure kultura errekara bota, ez zuen gure iraganaz eta gure izaeraz ernegatu, Unamunok egin zuen modura. Barojak bere euskal nortasunari eutsi zion. Ez zen tradizionalista, aurrerakoia baizik, eta maisuki jakin zuen garai bateko sustrai zaharrak eta balore berriak uztartzen.

Eta nire hitzei nolabaiteko sostengua eman nahian, hona hemen Altzateko Jaunari buruzko ipuinari Barojak emandako berdingabeko amaiera. Itzulpena nirea da.

Altzateko etxean, antzinako zeremonia batzuk ospatu dira, baina hauxe dena isiltasun handienean. Hildakoaren eskuan dukate  bat jarri dute, gorpua etxetik atera dutenean  zerraldoaz etxeko  bazter guztiak jo dituzte, eta azkenean, etxeko erle eta gainerako abere guztiei etxeko jaunaren heriotzaren berri eman diete. Hainbat adiskidek Jentilen Harrira otoitz egitera joan nahi dute haien nagusi eta laguna izan denaren ohorez, lehengo sinismen zaharrek agintzen duten bezala.

Altzateko Jaunaren gorpua etxetik kanpo datza, eta orain apaizek zarata eta doinu handiz gori-goria kantatuz, eliza berriaren ondoan dagoen kristau hilerrira ehorztera daramate. Elizako ezkilek dilin-dalan, dilin-dalan… etengabeki jotzen dute.

Pater Prudentius-ek: Lur santuan lurperatzera daramagun gizon hau jentila zen eta bere bizitza osoan inoiz ez ditu eliza santuaren aginduak ontzat hartu. Eskandaluagatik ez balitz, lur santutik kanpo ehortziko nuke nik.

Pater Fanaticus-ek: Bai horixe! Zuk diozuna litzateke onena, ziur aski, dagoeneko, gizon honen arima infernuko garretan kiskaltzen egongo baita!

Pater Angelicus-ek: Jaungoikoak barkatuko du!

Pater Fanaticus-ek: Barkatu, nola? sakramentu santuak ez baititu onartu.

Arbelaitzek (Altzateko Jaunaren lagun zaharra): Berak ez zuen inondik inora ere, horren gaizki zegoela pentsatzen!

Pater Fanaticus-ek: Ez zuela pentsatzen? Fededun bati horrelakorik ez zaio inoiz burutik ahazten. Federik ez zeukanez infernua merezi du.

Pater Angelicus-ek: Jaungoikoaren barkamena mugagabea da!

Pater Fanaticus-ek: Altzateko jauna bekatari handia zen, elizaren aginduak betetzen ez zituen maltzur alua.

Olazabalgo ama gazteak: Gezurra dirudi, erraten dutenez, Altzateko Jauna ez omen da hil kristau on baten modura.

Zarrateako ama gazteak: Jexux, Maria eta Joxe! Hamaika ikusteko jaioak gara. Gu, altzatearrak betidanik izan gara hagitz kristau onak.

Arbelaitzek: Ene lagun gaixoa! Hain ausarta eta hain ona! Zuk borrokatu zenituen eta laster gure tiranoak izanen diren beltzez jantzita ibiltzen diren horiek hemen dira zure heriotza ospatzen.

Ostalariak: Hauxe dolua! Bere auzoko gizonek bi dozena axuri jan dituzte eta upela bat ardo edan, eta beraien atsoek edan duten pattarra eta txokolate pila kontuan hartu gabe. Ai, astero horrelakoren bat hilko balitzaigu!

Xagit-ek (Altzateko eroa): Jaun gaixoa! Nire lagun gaixoa! Nork defendituko nau orain?

Ttikik ---Altzateko Jaunaren beste lagun bat-- Arbelaitzi: Ba al dakik zer erranen dudan?

Arbelaitzek: Zer?

Ttikik: Jaun ez dela hil erranen zieat, bere hil-kutxa lurrez beteta zegoela, eta Jaun bizi-bizia dagoela, eta gainera, ez dela inoiz hilen. Bai horixe! Hori bera erranen zieat! Larrun mendiko leize-zulo ilun batean ezkutatuta dagoela eta hor barruan izanen dela  gure Euskal Herria katolikoen esklaboa den bitartean! Eta gure herriaren ordua iristen delarik, Jaun gure artera berriro agertuko zaigula Ortzi handiak emandako mailuaren bidez gezurretan  eta morrontzan eraikitako mundu berri hau suntsitzera eta baita askatasunarekiko gurtzea ere berriro ezartzera!

Arbelaitzek: Eta nork sinistuko dik hori?

Ttikik: Zuek! Gezur handiagorik ez al dizuete sinistarazten? Katolikoen kontuak ez al dituzue sinisten? Orduan ba!

Arbelaitzek: Bai, halaxe duk! Egia! Baina hik ba al dituk katolikoek dituzten kartzelak, urkamendiak, epaileak, borreroak, soldaduak… jendea konbentzitzeko?

Ttikik: Ez, horrelakorik ez zaukaat! Arrazoia duk!

-------------------------------------
Buka dezadan ene gogoeta hau, Pio Barojak Altzateko Jaunaren ahoan jartzen dituen hitzak hona ekarriz. Horretarako, Altzatekoaren eta euskaldunen arteko elkarrizketa eder batez baliatuko naiz.

Euskaldunek: Ortzi, hemendik entzuten dugu zure ahots   indartsua.Gureganaino iristen da zure harrabotsa Zatoz, zatoz mendebaldeko lurralde hauetara! Utz ezazu gauerdiko eguzkiaren lurraldea! Dena hasten da berriz, dena itzultzen da bere sustraietara! Zu ere, itzuliko zara!

- Ortzik: Agur, agur itsasaldeko Auñamendiak,, mendi eder eta argitsuak,
haran epel eta berdeak! herrixka polit eta laztanak! Agur euskaldun zaharrak, agur neskatxa alai eta dantzariak! Basamortu izoztuetatik nire azken agurra igortzen dizuet, menturaz, nire azken agurra izanen dena. AGUR, AGUR, AGUR BETIKO, AGUR!!!".


Komentarioak

icon
Ander Iridoi Irundik
2014-12-04
Oso gai polita. Altzateko Jaunaren leienda ezagutzen nuen. Gaztetan erdaraz irakurri nuen baina gaur badira oso itzulpen ederrak gure hizkuntzaz.
Gure arbasoen oroitzapena ekarri dit beti gogora.
Kitzigarria egiten zait pentsatzea nola pasatu ginen gure sinesmen animista-naturalistetatik sinesmen kristatu hertsietara. Altzateko Jaun erresistentzi ikurra da. Pio Barojak horrela irudikatu zuen ipuin horretan.
Eta zer esanik ez Xabier Letek egin zuen kantu eder eta iradokigarriaz.
Kantu horretan Xabier Letek indarra, pasioa, iragana ederki laburbildu eta azaldu zituen.

Altzate Jaun pertsonaia Baroja eta Leteren aitzakia eta agerbidea izan zen, mundu zahar baten ikuskeraren oihartzun zaharrak euskaldunon gogora ekarri nahi zituen estakurua. Eta Aurkenerenak ere, pertsonaia bera hautatu du ikuskera hori gogoratzeko.

Nire irudikoz, gogoratzeaz gain, berpiztu beharko genuke, horretan baita gaur gure erronka. Mundu materialista indoeuroparrarekin hautsi egin beharra daukagu, izadiarekin loturiko mundu eta ikusmolde zaharretara itzultzeko. Euskaldunon biziraupena hortxe jokatzen da.
icon
Patxi Oroz
2014-12-05
Nire ustez, hauxe da Pio Barojak sortu zuen leiendarik ederrenetako bat eta nigan sekulako eragina izan duena.
Altzate hori non zegoen bilatzen ibili nintzen eta barojatarrek Beran duten etxearen izen zaharra dela dirudi, geroago Itzea (etxea?) deitu duguna.

Bidasoa ibaia, Larrun (edo Larrun) mendia beti egon dira Pio Barojaren iruditegi sinbolikoan. Behin eta berriz zihoen Bidasoaldeko errepublikakoa zela.
Altzateko Jaun leiendan Bidasoa Euskal Herriaren ardatza da eta Larun mendia askatasun haizearen gordelaria.

Xabier Letek maisukiro bildu zituen Barojaren ideiak bere kantuan.

Lan bikaina Barojak eta Letek heredentzian utzi digutena.
icon
dalbret
2014-12-09
Nahiz eta labur izan zure itzulpenari esker Barojaren obran sartzen hasi naiz. Oso gai hunkigarri, parabola interesgarria bezain polita. Unanumoren testu gehienek frantsesezko itzulpenak dauzkate. Lehen batzuk irakurri nituen. Idazle horren bide makurra nahiko ezaguna da ere. Jartzen duzun Pio Bajorarekiko paraleloak gogoa ematen du Beratar famatu horri buruz gehiago jakin dezagun, ondorioz irakurtzeko ere, zori txarrez itzulpenik ez dugu. Beraz, Joseba, badakizu gertatzen zaizuna egitera......
icon
Dalbret adiskideari
2014-12-09

Mikel, Pio Barojaren eta Migel Unamunoren liburu ainitz badituzu euskaraz. Azkena Maiatz argitaletxearen bidez etorri zaigu, Jean-Louis Davantek maisukiro itzuli baititu Unamunoren soneto famatuak.

Joseba
icon
Antton Irigarai
2014-12-09
Bitxia da, aunitzek Larrun mendia deitzen diote.
Guk Beran LARUN erraten dugu.
Horretaz gain, bada abizen bat, LARUNBE, Larun azpikoa erran nahi duena.

Nere ustez, Larun erran beharko genuke. 



"www.kazeta.eus"                 
Joseba Aurkenerena                 
2014-12-4                 
(laburpena)                 




No hay comentarios:

Publicar un comentario