2014-12-10

Peio Bacho




"Peio Bacho laboraria da Donaixti-Ibarreko Eihartzea familiako etxaldean. Instalatu zelarik Manex buru beltzaren hautua egin zuen ardientzat. Hautu horren arrazoiak azaldu ditu Laborari aldizkariek eginiko elkarrizketan, baita Buru Beltza elkartearen ibilmoldea ere. Bereziki interesgarria da kabalen artatzeko baliatzen dituen molde ezberdinak : "Fitoterapia eta aromaterapia erabili nahi ditut, ardien imunitatearen azkartzeko". 35 urterekin bere xedeetako bat lana maila ttipitzea familiarendako denbora gehiago izateko.

LABORARI
Hire etxaldearen aurkezten ahal daukuk? Etxean instalatua niz 2000 urtean. Hemen 15 hektara baditugu eta 12 alokatzen ditut Muskildin ottori. 200 ardi gehien eta 17 behi gehien hazten ditut. Ardi buru beltzak ditut. Lehen ardi gorriak ginituen eta instalatzean beltzetarat pasatu niz.

Zergatik hautu hori? Instalatu nintzalarik, maila ona zen buru gorrietan bainan urte guziz 5-6 galtzen ginituen mendian, hoberenak bixtan dena. Ene burua galdezketatu nuen nola segituko nuen, mendian ibiltzeko gustua nuelakotz, eta beltzerat pasatzea hautatu nuen, sistima berdinaren atxikitzeko, bestela sistima aldatu beharko nuen, hoberenak etxean atxiki beharko eta luzarat mendia utziko.

Zoin da hire hazkuntza sistima? Udan borturat abian niz. Maiatz erditik goiti uztail hastapena artio, hemengo mendietan ibiltzen ditut ardiak. Ekain undarra artio deizten ditut, egun guziz menditik bilduz ; oren bat eterdi behar dut joan-jinaren egiteko, oinez, ez baita biderik. Uztailetik buruilaren 20a arte, Ahuzkirat igortzen ditugu ardiak. Donaixtiko lau laborariren artean etxola badugu, Paulen ola edo Ixtaurdipea deitzen da lekua, 1200 metretan.

Esne gutiagoaren beldurra ez duk ukan buru beltzerat pasatuz? Ez sobera gutiagoren egiteko, ez ditut beltzak nunbait erosi, ene gorriekin kurutzatu ditut ! Ez nuen esne maila galdu nahi. Marro beltzekin inseminatuz hasi gira. Betidanik kontrolan gira. Beraz, ez dira ardi planttakoak ez !

Nola ikusten duk Buru Beltza elkartearen lana? Uste dut untsa dela. Gu bezalakoek esne maila hein batean atxiki nahi dugu. Beste batzuek beste helburuak dituzte lehentasun bezala. Hori errespetatzen dut izigarri. Bortuan ardi buru beltz artalde ederrak ikusten dituztalarik, zerbait egiten daut, beste zerbait da bai... Elkartea izaitea aberastasuna da ene ustez. Bakotxaren lehentasunak kondutan hartuz, untsa da denak biltzea elkartean eta kolektiboki zerbait egitea. Nunbait elgar atxemanen dugu, agian fite...

Buru Beltza elkartearekin entseguak badira marro "klasadunak" baliatzeko inseminazioan. Interesik ikusten duk hortan? Bospasei ardi inseminatu ditut marro horiekin. Interesatua niz ikusteaz zer aterako den bainan ez dut sobera irriskurik hartu nahi ere. Badut aski problema ardiak bi urtetan erdiarazteko. Ene arrangura larriena da. Bi urte terditan erditzen zauzkit, beraz hobe esne maila balin badute... Aurten ere arrunt guti erdiko dira azaroan edo abendoan. Nundik heldu den jakiteko, entseguka ari niz. Aurten axuriak borturat eraman ditut. Ihuntze erdia (demi-sevrage) egin dut eta segitugo dut. Azaroan erditzen diren axuriak abendo undarra arte amekin uzten ditut. Otsail hastapen arte, goizetan deizten ditut amak, aratsetan axuriekin uzten. Ondotik bi hilabetez berexten ditut axuriak eta gero berriz ardi guziekin nahas ezartzen. Hola ardiekin usatzen dira eta mendian hobeki egoiten, bestela beren alde egoiten dira mendian.

Bazkaren aldetik, nola ibiltzen hiz? Luzerna belarra pixka bat erosi dut eta ainitz arto. Ensilaja egiten nuen behiendako, aurten utzi dut. Hain segur belar kotsia eskas ukanen dut. Orai arte artoa ekoizten nuen, mekanikoki belar tzarrak kentzea ere, biorat pasatzeko ideia bainuen. Arto egitea utzi dut lan ainitz baita – bakarrik niz etxaldean-, denak ber mementoan dira (ardi lanekin), eta eremuak ere ez ditut egokiak. Lanaren errexteko egin dut hautu hori.

Hire etxaldearen eramaiteko maneran, norat joan nahi duk? Orai ene kezka nagusia da lanaren aisetzea, denbora gehiagoren hartzea familiarendako. Beraz eremu guziak pentze ditut. Maileguak hor dira beraz ez dira denak bat batean aldatzen ahal.

Instalatuz geroz, zer aldaketa haundi plantan eman duk? 2010az geroz, ene osebaren lurrak baditut. Antxuak zaintzen dauzkit eta erosi dazkotan behiak ere. Eremu gehiagoren ukaiteak gauzak aldatzen ditu xifreen mailan. Laguntzen ez sobera galtzeko, kargamendu hein bat behar da. Otto untsa deno ez da problemarik ; gero, ikusiko. Biorat pasatzeko ideia banuen ere beti. Orai pixka bat utzia dut bazter. Bazka autonomia ez dutala sekula ukanen ikusten dut. Belarraz heltzen baniz, untsa izanen da bainan arto edo zereala ekoizteko, sobera lan zaut eta ez ditut ere behar diren eremuak.

Kabalen artatzeko molde berriak ikasi nahi dituk. Zendako? Fitoterapia eta aromaterapia formakuntza segitu dut. Ahatxekin salmenta zuzena egiten dut, 5-6 ahatxe urtean, eta zonbait axuri. Jendeeri zerbait proposatzen delarik, sanoa izan behar da. Antibiotika eta holakoak egin ahala guti erabili nahi ditut, alternatibak badira iduriz. Jaz axurietan "cryptosporidiose" ukan nuen. Lagun batek esentzia olio (huiles essentielles) horiekin egin formula bat pasatu zautan eta frango untsa martxatu zen. Kabalen laguntzeko ere untsa da. Jaz hogei bat ardi ilhortu dira eta ez dira berriz arkaldu. Hortako ere, fitoterapia eta aromaterapia erabili nahi ditut, ardien imunitatearen azkartzeko, orai dituztan problema zonbat xuxentzeko.

Geroari buruz, hire etxaldearendako eta hire inguruko laborantxarendako, baikor hiz? Etxalde mailan, maileguak ttipitzen ari zauzkit, orduan errexago ariko niz... agian. Inguruan, laborari nonbrea ttipituz ari da, bakotxak dituen lur eremuak haunditzen eta lan moldeak aldatzen. Lehenago auzoekin ari ginen gehiago, tresnak bien artean erosten, etab. Orai indibidualismo gehiago bada, bakotxak egin ahala lan baitu. Usu beste auzo batekin ari ginen lanean lehen, memento izigarri onak pasatzen ere lanetik landa. Orai ez da gehiago hola.

Pundu baikor bat azpimarratu nahi duk... Bai, CLPBren gasnategiaren sortzea. Plazer egiten daut nahiz ez nizan sobera inplikatu. Esperantxa emaiten du. Proietuaren eramaiteko batzuk egin duten lana ikaragarria da. Beste leterienganik heldu diren ataketaz ez niz harritzen, konkurent bat gira eta ez da oparirik. Beste laborarienganik heldu delarik, jeloskeria da ene iduriko. Iduritzen zaut kausitzen badugu denen abantailetan izanen dela".


"www.kazeta.eus"                 
2014-11-29                 
(laburpena)                 



No hay comentarios:

Publicar un comentario