2015-03-10

Sarasate: 1844-3-10


Euskal Herriak eman duen bibolinjolerik handiena, aspaldidanik eta egun hain alaitsua den Iruñeko Done Nikolas karrikan jaio zen, hots, Done Gregorio eta Gaztelu Enparantza arteko etxebizitza batean, Indatxikia edota Zapatadinda ezagunen aldean.

Hain zuzen ere, 1844ko martxoaren 10ean sorturik, erran nahi baita lehen guda karlista amaiturikoan eta Hego Euskal Herria, Nafarroa Garaia bereziki, arrunt hondaturik zegoenean. Foruak jota, populazioaren artean hedaturiko miseria gorriak Ameriketarat joatekotz mendetako joera berrindartu zuen, krisialdia bizkortuz.

Bertzalde, zenbaitetan maisuaren jatorria eztabaidagai izan bada ere, Iruñerriko iparmendebaldean, Gipuzkoarakotz bidean Saratsate herria dugu, Itzako zendean eta Saratsa ondoan. Hortik zetorkion, beraz, lehen abizena. Bigarrenari dagokionez, Navascues, Zaraitzu aldeko Nabaskoize herriari lotzen zaio.

Nafar deitura euskaldunak zituen, hortaz, frankismoaren garai ilunenetan, hainbat pasadizutan, gizon hura nafarra zela ere aipatzeke uzten zen arren. Iruñean, halaber, foru monumentua apaintzen duen eta duela guti arte zumar lirainez horniturik zegoen pasealeku ederra bere izenaz jantzi zen, oraindik ere iruñsheme nahiz iruinalaba adinekoen artean lehenagoko "Valentzia pasealekua"z baliatzea ohikoagoa delarik.

Bakarrik hamar urterekin bere lehen kontzertua eman zuenak Parisko Kontserbatorioko lehiaketa irabazi zuen hamalau urte zituela. Madrilen irakasle izateari, berriz, muzin egin zion. Ez dago garbi ea gertakari hura eta bizitzan zehar agintari politiko ofizialekin izan zituen tirabira latzak harremanetan jartzen ahal diren, baina litekeena da hastapenetatik arazo horrek bere bilakaera baldintzatu izana.

Europa osoa ezagaturik, ez omen zuen musika klasikoa biziki maite, herri xeheari gustatzen zitzaizkion doinuak baizik. Nola ulertu, bertzenaz, konposaketa ospetsu hauek: "Zapateado", "Capricho Vasco", "Navarra", "Adiós montañas mías" edota "Jota de San Fermín". Hitz batez, eliteen artean aritzen bazen ere (Errusian kasu), aberats talde horiei atxikituriko orduko jakintsuen kultur aurreiritziek bere lana kritikatu zuten behin eta berriz.

Mundu osoan zehar bizi eta, oraindik nahikoa gaztea, 1908ko irailak 20an Lapurdiko hiri handia den Miarritzen hil zen. Izan ere, nolabaiteko erbestetik, horren kabi maitatua zuen Lapurditik Sanferminetarat urtero joaten zen eta nafar hiriburuan bertan 1882an euskarazko literatur lehiaketan epaimahaian izatekotz ere gonbidatu zuten arren. Hondarrean, Iruñeko jaietan, karrika jendetsuetan, Julian Gaiarre erronkariarrarekin elkartzen zen, ustekabean, ia klandestinoki, biak mozorraturik, haien abestirik txalotuena Iparragirreren "Gernikako Arbola" zelarik. Debekaturik zegoen abestia, alegia.

Iruñeko hilabetekaria zen argitalpen batean hau irakurri ahal izan nuen 2006ko irailean, hain zuzen ere bere laugarren alean eta Maria Mutilva Beroiz ikerlariak sinatzen ohi zuen "Fueron vecinos" atalean: "El mejor violinista pamplonés nació en San Nicolás, de hermoso comercio, el 10 de marzo de 1844 [...] Veraneaba en Biarritz, donde falleció el 20 de septiembre de 1908". Eta, are gehiago, horrela bukatzen zen idazkia: "Habrá que ir preparando su centenario...", hots, duela ehun bat urte hil baitzen orain arte ezagutu den Iruñeko bibolin jolerik handiena, mundu osoan barna ospetsu bilakatu zena.

Horregatik, Iruñeko Udala nahiz nafar Gobernuari zera bururatu zitzaien: urtemugaren ideia jaso eta horren inguruan zenbait kultur ekitaldi antolatu. Izan ere, honela dio euskal hiriburuan banatu zuten txosten liburuxkak: "2008. En el centenario de la muerte de Pablo Sarasate".

Egungo Alde Zaharrean jaio zena "Pablo Sarasate Navascués" moduan dugu hizpide, baina betiko erdal ohitura kolonizatzaileak alde baterat utzirik, eta bere garaiko nahiz egungo euskara edota euskal toki-izendegien arabera, Pablo Saratsate Nabaskoize deitu beharko genukeela uste dut.

Bada, eta historialariaren gisa hamaika aldiz artikulu nahiz liburutan musikari honen nortasuna islatu badut ere, ongi da urtemuga ofizialaren hasieran gaiari berriz ere lotzea. Zergatik ote? Manipulazioa. Bai, manipulazioa, berriz ere, zeren eta haien usadioei jarraikiz, euskal hizkuntza, kultura, zibilizazioa eta geroa desagerrarazi nahi dutenek makinaria osoa martxan jarri baitzuten, hau da, duela tarte guti San Frantzisko Xabier zenarekin ere egin zutena. Iragana desitxuratu, orainean agindu eta etorkizuna haiena zalantzarik gabe izanen delakoan. Haatik, hasieran bezala, Maria Mutilva Beroiz andereari emanen diogu hitza, nafar erakundeek zabaldu zuten liburuxkan agertzen ez zen hainbat gauza ezagut dezagun.

Bat. Nafarroa Garaiko erakundeek, haien liburuxkan, 1902tik Iruñeko seme kuttun izendaturiko Pablo Saratsateren irudikatzekotz lerroa: "pasó a la historia como autor del popular 'Zapateado', 'Aires gitanos', 'Navarra' o 'Jota de San Fermín'". Maria Mutilva Beroiz idazlearen bertsioa 2006an: "Se decidía por las melodías populares, 'Zapateado', 'Capricho Vasco', 'Navarra', 'Adiós Montañas Mías' o 'Jota de San Fermín'". Eskribau onak, zinez fidelak baitituzte agintari erdaltzaleek Nafarroa Garaian.

Bi. Liburuxka ofizialak: "En 1882 comparte su actuación en San Fermín con el tenor roncalés Julián Gayarre". Maria Mutilva Beroiz andereak duela zazpi urte isuria: "Venía a los sanfermines donde llegó a cantar con Julián Gayarre. Estuvo en el jurado del concurso literario municipal en euskara del año 1882, como recogen los viejos papeles".

Eta, are gehiago, administratiboki hedatu ez zuten bertze ñabardura herrikoi bat, sanfermin haietan Julian Gaiarre tenore paregabearekin egin zuena: biak mozorrotu, karrika kantoi batean paratu, batek abestu eta bertzeak bibolina jo. Jendea ohartu eta milaka hurbildu, benetako kontzertu klandestinoa, bukatu eta biak desagertu. Zer abestu-jo zuten?

Debekaturik zegoen Gernikako Arbola!

Horregatik, beharbada, Miarritzen bizi izatea, aukeran, nahiago zuen gure Pablok. Horregatik, beharbada, orduko nahiz oraingo agintariek ez zuten sobera maite gure Pablo. Horregatik, beharbada, eta hamaikagarren manipulazio historikoa iritsi arte, haur nahiz nerabeek deus guti dakite gure Pablori buruz. Zergatik ote?

Badakizue, urtemuga glamouroso fashion haren testuinguruan, agintariek debekatzen zutela Iruñean musika ikasketa publikoak euskaraz egin ahal izatea? Barkatu, ez zuten debekatzen, demokrazian bizi gara, egiten ohi zutena zen euskarazko eskaintzarik ez egitea, eta dozenaka, ehun guraso baino gehiagok eskatzen zutenean haien seme-alabek euskarazko ikasketak egin ahal izatea, zera erantzuten zieten: «Nipalaostia». Eta, hondar albistea, hondarrean agintariek euskaraz zer edo zer jarriko omen zuten, eta toki bakan horiek eskuratu ahal izatekotz zozketa bat eginen omen zuten. Europa, 2008.

Eta, oraindik ere, Pablo Saratsate Nabaskoize gurea, maitagarria, oraindik ere gure historiaren protagonista hura ere lapurtu nahi digute! Bai, zera! Pablo gutarra zen, hurbila, euskaltzalea, euskalduna, herrikoia, eta, zer arraio, estutzen banauzue, abertzale amorratua, XIX. mendeko euskal abertzale sutsu horietakoa, Sabino Arana baino lehenagoko horietakoa, bere kasuan karlisten tradizioa jaso zuena, ezkertiar bilakatzekotz.

Honatx, eta liburu ofizialean bada ere, onartu eta argitaratu behar izan duten Pabloren bi esaldi erranguratsu. Bat: "¡Un genio! ¡He practicado catorce horas diarias durante treinta y siete años, y ahora me llaman genio!". Bi: "Muerto o vivo, no dejaré de ir a mi pueblo y, si muero allí, mejor, porque aquella tierra ha de ser mi sepultura".

Ai, gixarajoak, ipotx tipi krudelak, zaila zaizue geurea ezabatzea. Bizi garenok memoria baitugu, eta geure Pablo omenduko dugu merezi duen eran, bai horixe. Oraindik oroitzen dut Pabloren aita Migel Saratsate Juanena zela, iruñshemea, eta ama Frantziska Jabiera Nabaskoize Oarrietxena, Aezkoako orbaiztarra. Denak hemengo, denak euskaldun. Oraindik oroitzen dut gure birraitatxi bat ere bibolinjolea zela, Pablo jaio zen etxe berean bizi zela, berarekin, zahartzerakoan, bibolina jotzen zuela. Oraindik oroitzen dut birraitatxi hura karlista zela, Madrildik zetorren armadaren aurka eta kapitain karguarekin "a la bayoneta" aritu zela hondar guda karlistan, Lizarrerriko hainbat gatazka odoltsutan.

Eta oraindik oroitzen dut liburu ofizialean agertzen ez den bertze datu bat, behintzat Maria Mutilva Beroiz andereak bere artikuluan jaso zuena, Pablok bere Iruñeko lagunei idatziriko gutun zaharretan, sinaduraren ondoan irakurtzen ahal den euskal hitza, karlisten guda lelo omen zena: "Aurrera!".

Bada, inoiz baino gehiago, euskal hiriburua den Iruñeko Alde Zaharrean, agur eta ohore Pablo Saratsate Nabaskoizeari, gora Euskal Herria!, kultura eta jakintza ederki irudikatzen duen etorkizuneko euskal munduaren izenean, Pablo Saratsate, aurrera!



No hay comentarios:

Publicar un comentario