2015-09-17

Lakarra


Lakarrak haurzaindegi euskalduna izanen du

Lakarrako Apezetxea etxean euskal haurtzaindegi bat sortzeaz gain,

bost bizitegi eraikiko dituzte.
Lanak hemendik urte eta erdira bukatu beharko lituzkete.
IURRE BIDEGAIN|

Gamarte eta Lakarrako herriek, Lakarrako Apezetxea etxean haurtzaindegi bat eta bizitegi sozialak eraikitzeko ideia bultzatu dute. Office 64 elkarteak etxebizitzak kudeatuko ditu eta Garazi-Baigorriko herri elkargoak berriz, haurtzaindegia. Hautetsien artean eztabaida sortu duen gaia da; zentro guzientzat haur aski dagoenez zalantza bizirik dago.
Lakarrako auzapeza den Jean Claude Ibargarayk esplikatu duenez, duela bi urte proiektu hunen ideia ukan zuten. Herri elkargoarekin harremanetan sartu ondoren, Familia Alokairuen Kutxarekin (CAF) hitz egin zuten. Azken hunek hunkituak izanen diren herrietan inkesta bat egitea proposatu zien. "Inguruko enpresen iritzia galdegin dugu, jakinez Gamarten Pago 64 eta Elizaldia enpresetan ama anitz badirela, interesatuak izaiten ahal ziren", zehaztu du auzapezak. CAFek galdetegien analisia egin eta bidezkoa zela ikusi zuen.
Memento berean, Garazi-Baigorriko herri elkargoak lau emaztek osatutako elkarte baten proposamena jaso zuen. Horiek ere haurtzaindegi bat sortzeko xedea zuten; baina Donibane Garazi aldean. Azkenean, herri elkargoak Lakarrakoa onartu duenean, elkarte horri haurtzaindegiaren kudeaketaz arduratzea proposatua izan zaio. "Mementoz ez dakigu nor okupatuko den; ez da definitua", azaldu du Ibargarayk.

Haur aski?

"Uharte Garazin eta Izuran ere haurtzaindegiak badira, beraz zalantza da ea haurrak denentzat izanen direnez", esplikatu du Garazi-Baigorriko herri elkargoko lehendakari ordea den Pierre Eyherabidek. Horren ondorioz, herri kontseiluan egindako bozketan "hautetsi frangok zuri bozkatu dute".

Lakarrako auzapezak lanak hemendik urte eta erdira bukatuko dituztela esplikatu du. Orotara 200.000 euroko aurrekontua izanen duen proiektua da. Ibargarayren arabera, horietariko 128.000 euro CAFek eskainiko ditu.

www.kazeta.eus
2015-7-30



No hay comentarios:

Publicar un comentario