2015-10-19

Kaliforniatik


Kaliforniatik Euskal Herrira,
bertsolaritzak gidaturik


Urriaren 12tik 17ra Kaliforniatik etorritako Johnny Curutchet eta Martin Goicoechea bertsolariak Euskal Herrian izan dira. Euskal Kultur Erakundeak antolaturik, hainbat ekimenetan parte hartuko dute, besteak beste urriaren 16an Uztaritzen euskal diasporaz antolatuko den eztabaidan.

www.kazeta.eus
2015-10-14

Euskaldun anitz bezala Johnny Curutchet eta Martin Goicoechea gazte zirelarik Kaliforniara joan ziren bizi hobe baten bila. Urteak pasa eta, Euskal Herria oroimenean dute eta egunerokotasunean lan egiten dute euskal kulturaren presentzia horien artean bizirik mantentzeko. Curutchet eta Goicoechea bertsolaritzari lotuak dira eta horren harira urriaren 12tik 17ra Euskal Kultur Erakundeak antolatuko dituen ekimenetan parte hartuko dute.
Johnny Curutchet San Franciscon sortu zen eta urte batekin bere burasoek Ezterenzubira (Baxe Nafarroa) eraman zuten. "1966ko urtarrilaren 13an, hemeretzi urterekin San Franciscora itzuli nintzen. Beste anitzek bezala, bizia nonbait egin behar nuen", esplikatu du. Euskal Herrian lana izan arren, "irabaz moldeak ezberdinak ziren".
Curutcheten anaia San Franciscon zegoen eta hari esker, bertako biziari ohituratzea "biziki erraz" egin zitzaiola erran du. "Mintzairaren aldetik zaila izan zen, baina han garaian euskaldun anitz baziren", azaldu du. Gaur egun, Amerikako Estatu Batuetan diren euskaldunen kopurua apaltzen ari dela dio bertsolariak. "Zorigaitzez adinak ez du nehor ahanzten, baina euskaldunak oraindik badira", gehitu du.
Urteak pasa eta, euskaraz usu mintzatzen dela erran du, batez ere bertsolaritzari esker. Kalifornian segitzen duten euskaldunak elkartzean, bertsoak botatzeko ohitura dutela azaldu du. Gazteek aldiz, bide hori ez dutela segitu dio. "Gure garaiko emigrazioarekin euskara azkarrago entzuten zen, orain jaisten ari da. Euskaldunak ez dira gehiago AEBtara joaten; oporretara baizik", kontatu du Curutchetek.

Ikasleekin bertsotan

EKEk gonbidaturik, Bertsolarien Lagunak, Bertsozale Elkartea eta Mintzola Fundazioaren partaidetzarekin, Johnny Curutchet eta Martin Goicoecheak bertsolaritzaren inguruan hainbat ekimenetan parte hartuko dute. Haiekin batera, San Franciscoko Euskal Etxeko kide eta lehendakari ordea den Frantxua Bidaurretak ere parte hartuko du.
Urriaren 13an, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko bertso eskolako ikasleekin elkartu ziren eta gauean Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariekin "Bertsulari" filma ikusteko parada izan zuten.
Urriaren 14an Billabonara joan ondoren, biharamunean (15ean) Baionako Euskal Erakustokiaren bisita egin dute. Halaber, urriaren 16an "Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago?" izenburupean eztabaida batean parte hartu dute Uztaritzeko Lapurdi gelan 19.00etan. Eztabaida hori Kanaldude herri telebistak zuzenean eskainiko du.
Kaliforniako bertsolari horiek agurtzeko, urriaren 17an "Hernandorena saria" banatu dute Baigorrin. "Konplimendu sobera errezibitzen ari gara; guk merezi baino gehiago. Ez dakit aski egiten dugunez, orain zorretan izanen gara denekin", aipatu du irriz Curutchetek.









































No hay comentarios:

Publicar un comentario